Legarreako Leizea, Gaztelun, 1936ko uztaileko matxinada militarraren ondoren Nafarroak bizi izan zuen indarkeria eta terrore giroan gertatu zen krimenik latzenetako bat izan zen. Isiltasunez eta auzokoen hermetismoz inguratua egon zen. Gaur egun, Josefa Goñi eta bere sei seme-alabak Gazteluko Legarrea leizera bizirik bota zituzten zergatiak eta egileen izenak ez dira ezagutzen; eta ez dago argi ezta ere, ezjakintasun hori kalte sozialengatik edo arazo politikoengatik den.
2016an Aranzadi Zientzia Elkarteak, Nafar Gobernuarekin sinatutako hitzarmen baten baitan, desobiratze bat egin zuen toki horretan. Gorpuzki guztiak aurkitu zituzten eta identitateak berretsi ziren. 2017an Sagardia-Goñi familia omentzeko ekitaldi bat egin zen leizean bertan, eta ondoren, Gaztelun, senideei gorpuzkiak eman zitzaizkien, bertako hilerrian ehortziz. Leizean bertan, Mikel Iriarteren eskultura bat inauguratu zen.
Historia
Sagardia-Goñi familia, Pedro Antoniok, Juana Josefak eta beren zortzi seme-alabek osatzen zuten, horietako batek jaio eta gutxira hil zelarik. Pedro Antonio eta seme zaharrena, Jose Martín, frontera joan ziren 1936ko altxamendu militarra eta gero; ez dago jakiterik behartuta edo borondatez egin zuten, baina testigantza batzuek diote ez zutela beren borondatez egin. Ama eta beste zazpi seme-alabak Gazteluko herrian bizitzen geratu ziren. Handik gutxira, lapurreta txikiak egitea leporatu zieten, eta herritik kanporatzea erabaki zuten bilera batean, beste familia batzuekin batera. Horrela ondorioztatzen da Iruñeko Epaitegiaren 167/1936 sumariotik (ARGN, 54793 kutxa) non herriko hainbat bizilagunek epailearen aurrean deklaratu baitzuten familia horiek kanporatzeko bilera hori egin zela aitortu zuten.
Hala, beren etxetik eta herritik kanporatuta izan ziren eta herritik gertu zegoen mendiko txabola batean kokatu ziren. Antza denez, 1936ko abuztuaren 30eko gauean, herriko pertsona batzuek Legarreako leizera eraman zuten Sagardia-Goñi familia, eta han bizirik bota zituzten Juana Josefa (haurdun zegoen), Joaquin (16 urte), Antonio (12 urte), Pedro Julian (9 urte), Martina (6 urte), Jose (3 urte) eta Asuncion (18 hilabete).
Zortzi urte eta bost hilabete iraun zuen ikerketa judizial bat jarri zuten martxan, epaileak amaitutzat eman zuen arte. Kasu atipikoa da, urte hauetako desagertutako pertsonen inguruan irekitako kausa bakarra baita, non sarraskiak ohikoak ziren. Sarritan, Sagarida jeneralaren eraginari egotzi izan zaio, antza denez familiarekin ahaidetua, ikerketak iraun izana eta sumarioaren bi irekierak.
2016an, Aranzadiko Zientzia Elkarteak, Nafarroako Gobernuarekin sinatutako hitzarmen baten baitan, desobiratze bat aurrera eraman zuen eta gorpu guztiak aurkitu zituen. Biktimen identitatea berretsi zen desobiratze horren ondorioz eta egia zen kontakizun bat baieztatu ahal izan zen; nahiz eta behin betiko adostasunik ez egon motibazioen inguruan, hots, aurreiritzi sozialengatik izan dela (besteak beste, Esparzak defendatutako tesia) edo arrazoi politikoengatik Mikelarenak argudiatzen duen bezala.
2017ko irailean Sagardia-Goñi familia omentzeko ekitaldi bat egin zen leizean bertan, eta ondoren, Gaztelun, gorpuzkiak senideei eman zitzaizkien herriko hilerrian ehortzeko. Egun, Gazteluko hilerrian, Joseba Buruskok egindako estela bat dago Josefa Goñiren eta beren sema-alaben oroimenean.