lokalizazioa
Gaiak
Ibilbideak
Erronkari eta Zaraitzu bailarak lotzen dituen errepidea eraiki zuten frankismoko langile behartuei ostatu emateko erabilitako barrakoiaren antzeko erreplika bat da. Hainbat nazionalitateko gazte talde batek eraiki zuen 2018an, Nafarroako Gobernuak bultzatutako nazioarteko boluntariotza esparru batean; Memoriaren Nafarroako Institutuaren eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren bidez antolatua.
Ibilbide honetan Asturiaseko, Bartzelonako, Bizkaiako, Granadako eta Jaeneko 2.354 presok egin zuten lan. Bi urte eman zituzten errepidearen kutxa irekitzen 1941eko ekainera arte, geroztik, beste toki batzuetan bortxazko lanak egitera eraman zituzten.
Barrakoia ikasle gazteentzako bisita elementuetako bat bihurtu da Memoria Duten Eskolak programaren baitan, eta nahierara bisitatu daiteke.
Nafarroako Memoria Historikoaren Toki bezala aitortu zen 2019an.
Historia
Barrakoiaren erreplika 2018ko udan eraiki zen, Memoriaren Nafarroako Institutuak eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak antolatutako gazteri boluntariotza esparru batean. Jatorrizko egituren argazki bakar batetik abiatuta diseinatu zen barrakoia. Era berean, lurra garbitu eta sastraka kendu zen, eta jatorrizko barrakoiek hartzen zuten espazioa mugatu zen; tokia ixten zuen horma perimetrala barne. Auzolandegi honek kontzentrazio-unibertsoari eta presoen bizi-baldintzei buruzko hitzaldiak burutu zituen, frankismoko proiektu haiei buruzko hausnarketa kritikoa sustatzeko asmoarekin.
2018. urtearen amaieran inaugurazio ekitaldi bat egin zen eta leku horretan destinatua egon zen presoetako bat, Luis Ortiz Alfau, eta beste preso batzuen senideak bertan egon ziren.
Egun, udan bisita daiteke barrakoia, bisita gidatuak egiten direnean. Halaber, ikasle gazteen bisitak jasotzen ditu, Memoria Duten Eskolak programaren baitan.