1986an sortutako monolito honek 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako Oibarko bizilagunak gogorarazten ditu eta bertan 15 izen irakur daitezke. Testu hau ere idatzita dago: "Askatasunean, errepublikan eta sozialismoan sinesteagatik erailak izan ziren gizon hauen eta emakume honen oroimenez. Ez zaituztegu ahaztuko".
Estreinatua izan zenetik urtero egin dira omenaldiak. 2015. urtean monolito honek eraso bat jasan zuen eta beti ondoan egon diren banderak kendu zituzten.
Historia
1936ko kolpe militarretik, indarkeriak gora egin zuen Oibarren, eta horren ondorioz, herri honetako 15 pertsona hil zituzten Nafarroako hainbat lekuetan. 1936ko irailaren eta azaroaren artean hil zituzten: 7 Aldunaten (Antón Alzueta Erdozáin, Benito Alzueta Goñi, Dominica Azparren Gil, Gerardo Bueno Expósito, Cándido Domeño Belío, Javier Iziz Ribera eta José Pérez Ibero); 4 Beriainen (Martín Azparren Gil, Andrés Goyeneche Guembe, Idelfonso Ibero Guembe eta Pablo Martínez Pérez); 1 Zizurren (Francisco Arbeloa Sada); 1 Larrasoañan (Gabriel Valentín Casamayor); 1 Olaibarren (Marcelino Zaratiegui Martínez); eta bat desagertu egin zuten (Damián Ardanaz Ardanaz Sada).
15 pertsona horien oroimenez, 1986. urtean monolito bat inauguratu zen herri horretako hilerriaren kanpoaldean.