Erreniega-Lizarra, oroimen bidea
Izarbeibarretik Lizarrarako Donejuako bidea inguratzen duen zortzigarren ibilide honek, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako ehunka eta ehunka pertsonen eta kontzentrazio-esparruetan preso egondakoen oroimenera hurbiltzeko aukera emango dizu. Bere memoria herrietan eraiki diren espazio ugarietan dirau.
Azken finean, esperientzia zuzena izateko aukera izango duzu iraganeko gertaera garrantzitsuak lekukotzen edo gogoratzen dituzten lekuetan.
Gehitutako azken guneak
Vicente eta Maravillas Lambertoren omenezko harrizko monolitoa, herriko plazan dagoena. Mendian erail zituzten, herri honetatik gertu. Pello Iraizozek egina, egitasmo hau 2022an jarri zuen martxan Deierriko Udalak Irantzu Herri taldearen bitartez.
Vicente eta Maravillasek utzitako hutsunea bete nahi du hiru metrotako eskultura batek. Beireko harrobi batetik ateratako arroka batean egina, Erreniegako hobiko fusilatuen monumentua eraiki zenean ateratakoa.
Herriko fusilatuen oroimenez 2019an Koke Ardaizek egindako tailua. Hilerriko hormaren ondoan jarri zen, non 2007tik, pertsona horien izenak jasotzen dituen plaka bat dagoen.
Erabilitako materiala hilerriaren ondoan zegoen pinu zahar bat zen eta beso bat jasota eta bestea luzatua lurrean eroriko figura bat irudikatzen du. Buruan zauri bat gogorarazten duen orban gorri bat dauka.
1936ko kolpe militarraren ondoren Garesko eraildakoak non bizi izan ziren edo non jaio ziren gogorarazten dute izen-abizenekin egindako plaka txiki batzuek. Memoria Historikoaren Batzordeak eta Garesko Udalak posible egin zuten proiektu hau 2021ean, AFFNA-NAFSE 36ren laguntzarekin.
Horrela, eraildakoei kendu zieten espazio publikoa okupatzea lortu nahi da, horretarako memoria kolektiboan dagokien lekua berreskuratuz. 14 plaka jarri ziren.
2021ean lurrean jarritako plaka txiki batzuek 1936ko kolpe militarraren ondorioz Obanosko eraildakoak non bizi izan ziren edo non jaio ziren gogorarazten dute. Plaka horietan, izen-abizenak, jaioteguna eta erailketaren edo desagertzearen data agertzen dira, baita hilketaren lekua ere. Egitasmo hau Familiares de Víctimas de Obanos 1936 elkarteak bultzatu du, AFFNA-NAFSE 36ren laguntzarekin.
Horrela, eraildakoei kendu zieten espazio publikoa okupatzea lortu nahi da, memoria kolektiboan dagokien lekua berreskuratuz.
1936ko kolpe militarraren ondoren Garesko eraildakoen omenezko plaka. Altxamenduaren eta gerra zibilaren ondoren errepresaliatu guztien oroigarri ere izan nahi du. Errepresio hori 1944ra arte luzatu zen. 2016an jarri zuten Julián de Mena plazan, udaletxearen aurrealdean.
Plakan, eraildakoen izenekin batera, honako hau irakur daiteke: “Egia, justizia eta erreparazioa”. Konbikzio errepublikarrak defendatzeagatik eraildakoei omenaldia izan nahi du, baita errepresioa ere jasan zutenei.
2021ean estreinatutako parke honetan monolito bat dago 1936an eraildako herriko 16 bizilagunen izenekin. 2022an eskultura berri bat jarri zen, besoetan izaki bat duen emakume bat irudikatzen duena, Obanoseko emakumeek jasan zuten errepresioa omentzeko eta gogoratzeko. Koke Ardaizek egin zuen eskultura hori.
Ekimen hauek Familiares de Víctimas de Obanos 1936 elkarteak egin zituen, Udalaren laguntzarekin.
Hobi hau Artazuko udalerrian dago, kurba itxi baten ondoan. 2016an Artazuko herriak monolito bat jarri zuen eraildako hauen oroimenez. Gaur egun ez dago jakiterik nortzuk diren, eta, dirudienez, ibiltariak izan daitezke.
Picassoren “Gernika”ren kopia bat du monolitoak, bizitako izua islatzen duena, seiburuak Artazuko sei fusilatuak gogorarazten ditu (tartean lau anaia); eta Zumetaren txoriak Bigarren Errepublikak ekarri zuen itxaropenaren etena irudikatzen du.
2018ko ekainean, Arantzadi Zientzia Elkarteak esku hartu zuen hobian, Nafarroako Gobernuaren Desobiratze Planaren baitan; eta biktimen gorpuzkiak desobiratu ziren.
Nafarroako Erregeen Jauregi Zaharra (egun Gustavo de Maeztu museoa), 1936ko kolpe militarraren ondoren Lizarra distrituko kartzela gisa erabili zen. 1936ko uztaila eta abuztua bitartean inguruko herrietako ehun pertsona baino gehiago egon ziren preso, geroago beste espetxeetara edo fusilatzera eramango zituztenak.
2016an Jauregiaren barnealdean jarrita dagoen plaka batek errepresio frankistak eraildako Lizarrako 48 bizilagunak gogorarazten ditu. Plakan honako hau irakur daiteke: “Omenaldia. Estella-Lizarrako Hiriak bereziki omendu nahi ditu, 1936ko uztailaren 18ko kolpe militarraren ondotik, demokrazia, askatasun, justizia sozial, herri-lur eta askatasun nafarren alde egiteagatik, eraikin honetan preso egon ziren pertsona guztiak. Faxismoak hil zituen Estella-Lizarrako hiritarren oroitzapenean”.
Iratxeko monasterioan eta Ega ibaiaren ertzean abandonatutako Etxe Zuria deituriko industria zahar batean kokatua, kontzentrazio-eremu bezala erabili zen, 1.000 presoko gehieneko edukiarekin. 1937ko ekainaren eta 1939ko maiatzaren bitartean egon zen martxan.
Monasterio honen jatorria XI. mendekoa da. Beneditarrek zuzendu zuten. Gerra garaian altxatutako bandoak eraikina konfiskatu zuen presoen kontzentrazio-eremu gisa erabiltzeko, 1939ko maiatzera arte; presoen kopuru handiari aurre egiteko beharrari erantzun zion.
20 harriz osatutako memorial hau 1936an eta 1937an Erreniega mendilerroan eraildako 92 pertsonen errekonozimendua eta ordaina irudikatzen du, kolpe militarrararen ondoren sortutako errepresioaren ondorioz.
2017an inauguratu zen memoriala, Erreniega Mendilerroko Hobien kolektiboaren obra. Erdiko harri bat, Peio Iraizozek landutakoa eta desagertutako pertsona guztiak gogorarazten dituena, eta 19 inguruan, espiral ireki moduan, jatorrizko herri bakoitza irudikatzen dutenak; osatzen dute obra hau. Inauguratu ondoren, 2017an, eraso bandalikoa jasan zuen.
Erreniegako gaina, Iruñea eta Lizarra lotzen dituen errepidean, fusilamendu leku garrantzitsua bihurtu zen, eta bertan eten egiten zen, tragikoki eta ezinbestean, presoak Nafarroako hiriburura eramatea. Erreniegako hobien desobiratze lanak oso goiz hasi ziren, eta 40ko hamarkadan gorpuzkiak ere berreskuratu ziren. Hala ere, gerora hainbat prospekzio egin badira ere, ezin izan da leku berririk aurkitu.