Iruñea, gatibutasuna, errepresioa eta memoria
Bigarren ibilbide honek, 1936ko kolpe militarraren ondoren gertakari errepresiboak garatzen diren Iruñeko oroimenezko leku eta espazioetara hurbildu nahi zaitu. Errepresioa jasan zuten pertsonek bizitako esperientzietara hurbiltzeko aukera emango dizu, eta haien izenak gogoratzeko beraien oroimenean eraikitako memorialetan.
Azken finean, esperientzia zuzena izateko aukera izango duzu iraganeko gertaera garrantzitsuak lekukotzen edo gogoratzen dituzten lekuetan.
Gehitutako azken guneak
Enrique Cayuela Medina, Izquierda Republicanako militantea eta Bigarren Errepublikako Iruñeko Udaleko idazkaria, 1936ko estatu kolpe militarraren ondoren errepresioaren helburu bihurtu zen.
Gainera, Natalio Cayuelaren anaia zen, hamar urte baino gehiago Osasunako lehendakari eta Iruñeko Lurralde Auzitegiko idazkari izan zena. Bere bi anaiak, Natalio bera eta Santiago, Valcarderan hil zituzten, eta bera erbestealdi politikoarekin zigortu zuten hainbat hamarkadatan zehar.
Erbesteratu aurretik, 1934an eraikitako Iruñeko autobus geltoki zaharreko erlojuan ezkutatuta egon zen sei hilabetez. Gela honek metro karratu bateko espazioa zuen. Hirugarren solairutik sartzen zen ate txiki batetik, eta bertatik eraitsi behar zen. Ramon Diaz-Delgado katedradunarekin batera hiru hilabetez egon zen ezkutatuta, familiarekin erbesteratu aurretik, lehenik Frantziara eta gero Txilera.
2021eko urtarrilean, Iruñeko Udaleko osoko bilkurak mozio bat onartu zuen Iruñeko autobus geltoki zaharreko erlojua Memoriaren Gunea izendatzeko, eta Nafarroako Gobernuari hala izendatzeko eskatu zion.
1978ko uztailaren 8an, Iruñean San Fermín festak ospatzen ari zirela, zezen plazan eta ondoren honen inguruetan gauzatu zen poliziaren interbentzioa dela eta, bala tiro baten ondorioz Germán Rodríguez Saiz gaztea hil zen eta su-armagatik hamar pertsona eta beste 150 gutxienez gomazko piloten kolpeengatik zaurituak izan ziren. Gertakarien larritasunak, Germán Rodíguezen hiletan agerian geratu zen herri erantzun handia suertatu zuen, bai eta Iruñeko Udalarena ere, festak bertan behera utzi zituena.
Gertakari horiek eragin handia izan zuten hirian. Bere heriotza geratu zenetik denbora gutxira, oroitarri bat jarri zen bere memorian, gutxienez hiru eraso larri jaso dituena. 2005eko urbanizazio lanen ondoren erretiratua izan zen, baina gaur egun dagoen tokian berriro ere instalatzea lortu zuen hiritarrek eragin zuten presioak. 2018ko ekainean, Sanfermines 78: Gogoan elkarteak, gertakarien 40. urteurrenagatik antolatu ziren ospakizunen barruan, “Gogoan” izeneko eskultura bat jarri zuen, Dora Salazar eskultorearena, gertakari horiekin hiriak bere osotasunean jaso zuen erasoa gogora ekarri nahi duena. 2019an, Germanen omenezko hilarria eta Gogoan eskultura Nafarroako Memoria Historikoaren Toki izendatu zituzten.
"Atxiloketa zentroen memoriala" Eskolapioen (Gerra Karlistaren Batzordearen kuartel nagusia) eta Salestarren ikastetxe zaharretik (Falangeko zentroa) eta 1936ko kolpe militarraren ondoren Iruñeko gatibutza-gune esanguratsuenetako batzuetatik gertu dago.
Alberto Oderizek egina, Iruñean izan ziren errepublikanoen atxilotze zentro ezberdinak gogorarazten dituzten harrizko blokez osatuta dago. Gune horietatik jende asko erauzi zuten, Iruñerrian edo Nafarroako gainerako lurretan barreiatutako hobi askotan erailak izateko. Leku horietatik memorialerako lurra ekarri da, elkarteen eta senideen eskutik.
Memorialarekin batera, Memoriaren Nafarroako Institutuak egindako webgune bat dago, Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentazio Funtsak idatzitako txosten bat oinarri hartuta. Txosten horretan, 1936tik 1945era Iruñean izan ziren gatibutasun-guneak zehazten dira.
1907an inauguratu zuten Iruñeko antzinako espetxe probintzialak zeregin garrantzitsua izan du XX. mendean disidentzia politikoaren errepresioan. 1936ko kolpe militarraren ondoren, kartzela preso politiko ugari jasotzen hasi zen. Jende asko egon zen espetxe honetan, beste destino batera bidaltzeko zain, epaiketaren zain, zigorra betetzeko zain edo erailak izateko zain. 7.364 pertsona igaro ziren Espetxe Probintzialetik 1936tik 1945era, arrazoi politikoengatik. Horietako 425, gutxienez, erailketaren biktima izan ziren, espetxetik atera eta berehala, lekualdaketa baten itxurapean.
Frankismoan zehar disidente politiko ezberdinak aterpetzen jarraitu zuen. Laurogeita hamarreko hamarkadan, intsumiso preso gehien izan zituen espainiako Estatuko espetxea izan zen. Kokatua zegoen orubea, «Intsumisioaren Parkea» deitzen da 2018tik. Pello Iraizozek egindako monolito batek ehunka gazte kartzelara eraman zituen laurogeita hamarreko hamarkadako mugimendu intsumisoa gogorarazten du.
2020an Nafarroako Gobernuak espetxeko atea zegoen tokia Nafarroako Memoria Historikoaren Lekua izendatu zuen. 2023an espetxeko atea, egon zen tokian berriro jarri zen.
Lurrean jarritako plaka txiki batzuek 1936ko kolpe militarraren ondoren Iruñean errepresaliatutako pertsonak non bizi ziren gogorarazten dute. Plaketan izen-abizenak, jaioteguna eta hilketaren data agertzen dira, baita lekua ere. AFFNA-NAFSE 36 elkarteak 2015eko ekainean hasi zuen proiektu hau.
Ekimen honek, Europan duela zenbait urte egiten ari den esperientzia baten ideia hartzen du. Zenbait hiritan galtzada-harriak eta estropezuak jartzen dira, naziek erbesteratutako eta eraildako pertsonen oroimenez. Espaloietan jartzen dira, erliebe txikiak estropezu egin dezan eta horrela jendeak gelditu eta irakurri ditzan. Stolpersteine izena hartzen du (alemanezko hitzak harri bat izendatzen du, oinez doan pertsona estropezu eginaraz dezakeen bidean).
Iruñean egindako ekimenari dagokionez, 130 plaka baino gehiago daude dagoeneko, eta biktimak bere borondatez okupatutako azken etxebizitzaren aurrean edo egoitzatik ahalik eta hurbilen jartzen dira, baina beti espaloietan, bideetan, oinez doanak estropezu egin dezan eta bertan geldi dadin. Proiektu hau Nafarroako hainbat herritan ere bultzatu da, besteak beste Obanos, Gares, Zangoza edo Atarrabia.
Gaur egun, plaka batek, irakaskuntzan aritzen ziren eta 1936ko estatu kolpe militarraren ondoren erailak izan ziren 33 pertsonak gogorarazten ditu, Iruñeko Eskola Normal zaharraren ondoan (egun, Administrazio Publikoaren Nafarroako Institutuaren eraikina da, San Jose Plazan).
2016ko irailean, Nafarroako Gobernuak, hitzaldi ziklo bat eta omenaldi ospetsu bat egin zien altxamendu militar horren ondorioz hildako edo errepresaliatutako irakasleei. Omenaldia plaka horren jartzearekin amaitu zen. Irakaskuntzan aritzen ziren eta errepresaliatuak izan ziren 33 pertsonen izenak jasotzen dituen tamaina handiko zerrenda Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Ekitaldi Aretoan dago gaur egun.
Maisu-maistren, institutuko eta Eskola Normaleko irakasleen, hezkuntzako ikuskarien sektoreak… errepresio prozesu oso gogorra jasan zuen. Irakaskuntzan ziharduten 300 lagun inguru hainbat modutan zigortu zituen Nafarroako Hezkuntzako Batzorde Nagusiak, eta beste dozenaka batzuek beste errepresio mota batzuk jasan zituzten (ekonomikoa, kartzela, erbestea...).
Nafarroako Foru Aldundiarentzat lan egiten zuten gutxienez 34 pertsona hil zituzten 1936ko kolpe militarraren ondoren piztutako garbiketa politikoaren ondorioz. Exekutatuko langile gehienak bidezainak, motor-gidariak edo makinistak izan ziren. Errepresioa, mugimendu sindikalarekin, ezkerreko alderdiekin eta alderdi errepublikanoekin eta abertzaleekin konpromisoa zuten pertsonengan bideratu zen.
2015eko urrian plaka bat jarri zen Nafarroako Jauregiaren fatxada nagusian, haien oroimenez. Bertan, pertsona horien izen-abizenak agertzen dira, baita honako legenda hau ere: “Nafarroako Gobernuak Foru Diputazioaren zerbitzuko funtzionario eta langile oroimenez eta ohorez Nafarroan hil baitzituzten 1936ko gerra zibilean errepublikaren legezkotasuna babesteagatik”.
Horrez gain, Nafarroako Foru Diputazioak, bere ardurapeko matxinatuen ideien aurkakoa zen edozein langilea zigortzea erabaki zuen. Izan ere, langile guztiei egin zitzaien garbiketa-prozesua, eta, ondorioz, 120 pertsonak galdu zuten lanpostua.
Panteoi honek, San Jose hilerrian dagoena, desagertua, desobiratua, eta identifikatu gabe nafarroako hobietan dauden Gerra Zibileko eta frankismoko biktimen gorpuzkiak gordetzen ditu.
27 bis horma-hobi multzoaren izkinan kokatua, panteoi hau Iruñeko Udalarena eta Nafarroako Gobernuarena da, eta, gainera, garai historiko horretan Iruñean eraildako pertsonen aipamena jasotzen du, haien gorpuak hobi komunetatik berreskuratu baitziren. 2013an eraiki zen AFFNA-NAFSE 1936 elkartearen ekimen bati esker.
Atril formako eta altzairuz egindako plaka batek estatu kolpe militarraren ondorioz hildako Iruñeko pertsonak gogorarazten ditu. Plaka horretan, eraildako 308 pertsonen izenak irakur daitezke, baita honako sarrera hau ere: «1936an II. Errepublikaren aurkako kolpe militarraren ondorioz Iruñean eraildako 308 pertsonen omenez eta oroimenez».
1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izan diren herritarrei errekonozimendua eta erreparazio morala emateko 33/2013 Foru Legetik eratorritako ekintzetako bat da.
Iruñeko udaletxeko atarian plaka batek 1936ko kolpe militarraren ondorioz hildako zinegotzi eta udal langile errepublikarrak gogoratzen ditu.
Udalak berak jarri zuen 2011ko abenduan, AFFNA-NAFSE 1936ren eskaera bati erantzunez, eta honela dio hitzez hitz: “Iruñeko Udalak eta Hiriak eskainia, Espainiako II. Errepublikari leial irauteagatik hi ziren: Florencio Alfaro Zabalegui, Gregorio Angulo Martinena, Corpus Dorronsoro Arteta, Victorino García Enciso, Ignacio San Pedro Chocolonea, Mariano Sáez Morilla eta Amadeo Urla Aramburu; udal zinegotziak eta beste udal-langileak oroitu eta omentzeko".
Nafarroan, 1936ko altxamendu militarraren ondorioz, gutxienez 160 pertsona hil zituzten beren hautetsi-karguak betetzen ari zirela: alkateak, zinegotziak, foru diputatuak, Gorteetako diputatu bat, Udal Gestoretako presidenteak…
Garbiketa politiko eta soziala aurrera eramateko erabili zen sare errepresiboaren barruan, Nafarroan, kargu publikoak zituzten pertsonak ere hil zituzten, alderdi ezkertiar, errepublikano eta nazionalistetakoak.
2015ean, 1936-Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkartearen ekimenez, plaka bat jarri zen Nafarroako Parlamentuko atarian, pertsona horiei eta ordezkatzen zituzten balioei omenaldia eta errekonozimendua egiteko.
Plakak ondorengo legenda du: “Nafarroako parlamentuak, Espainiako II. Errepublikarekin izandako konpromisoarengatik Nafarroan eraildako hautetsien omenez eta haienganako errekonozimenduz”.
300 pertsona inguru hil zituzten hirian eta inguruetan 1936ko kolpe militarraren ondorioz. Harrizko monolito batek Zitadelako Sorospen Atetik gertu gogoratzen ditu, Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak urtero omenaldia egiten dien tokian.
Iruñeako errepresioaren berezitasunetako bat Gazteluko Gibelean egiten ziren fusilamenduak izan ziren, Zitadelako harresien ondoan. Goizeko lehen orduetan egiten ziren eta jendea festa bat balitz bezala joaten zen fusilamendu hauek ikustera. Saltzaile ibiltariak ez ziren falta. 1936ko irailetik fusilamendu batzuei ikuskizun izaera kendu zitzaien.
Monolito hau Iruñeako Udalak jarri zuen 2012ko martxoan, 2011ko irailaren 16an udalbatzan onartutako mozio bat betez, NAFSEk bultzatua. Mozio horren bidez, fusilatutako pertsonak esplizituki aitortzea eskatzen zen. Aukeratutako lekua gazteluaren itzulia izan zen bere sinbolismoagatik, nahiz eta jende gehienaren hilketa-lekua ez izan.
Monolitoak duen plakan honako hau irakur daiteke: “Udaletxea eta Iruñeko hiria, 1936an askatasuna eta justizia soziala defendatzeagatik fusilatutako 298 bizilagunak omentzeko”.